2009/01/13

"hegoari begira" garapen jasangarria

kontzeptu polemikoa dugu garapen jasangarria, batez ere hainbaten ahotan zentzua galtzen duelako. Jasangaitza dugun sistema honek berak erabiltzen ditu sarri hitz hauek. Munduko %20ak (aberatsok, guk) baliabide naturalen %80 esplotatzen dugu eta alderantziz, %80ak soilik % 20a, ez al da desoreka nabarmena? zer gertatuko da, iparra-hegoa desoreka honetan, hegoak iparrak duen bizi maila ekonomiko berera iristea badu helburu? non daude mugak? nork hasi behar du iturria ixten?

Hona hemen garapen jasangarriaren inguruko irakaspen baliotsua, ikus dezagun garapenaz ari garenean zertaz hitz egiten dugun, bai iparrean eta baita hegoan, izan ere iparrak (botere ekonomikoak) hegoa baliatzen du beti bere interesen arabera.



Interes ekonomikoak alde batera utzi eta herrien arteko berdintasun, errespetu eta elkartasunean oinarrituriko harremanak izan arte ezingo ditugu sistema justu eta jasangarriak eraiki.

2009/01/11

lurretik eta lurrerako bizi


Gure arbasoak, gaur egungo nekazari txikiak, horiek dira lurra errespetuz landu eta bertatik ateratzen den fruitua elkarbanatzen dutenak. Lurraren emankortasuna bortxatzen ez dutenak. Gaur, dena fabrika handi eta multinazionalen esku dagoen honetan, badago erresistentzia egiten duen nekazari talderik. Mundu osoan zehar, komunitatez komunitate antolatu eta lurretik bizitzeko apustua egin duen jendea; besterik ezagutu ez duelako edo etorkizunerako aukera hori egin duelako.

Produktore hauei zor diegu lurraren gehiegizko esplotazioaren aurrean egiten ari diren lanaren emaitza. Via campesina da mundu osoko nekazariak biltzen dituen mugimendua, beronen helburuak dira hauexek;
- Solidaritatea eta batasuna garatu talde desberdinetako kideen artean berdintasun ekonomikodun harremanak bultzatzeko, genero arteko berdintasuna, justizia soziala, lurraren, uraren, hazien eta beste natur baliabideen konkista eta zainketa; nekazal produkzio jazangarria eta produkzio txiki eta ertainean oinarrituriko produkzioan berdintasuna.

Ingurumen heziketaz hitz egiten dugunea, oso aberatsa izaten da beste herrietako produkzio sistema justuak ezagutzea, nahiz eta askotan gurean daukagunaz ere jakiten ez dugun. Euskal Herriko EHNE sindikatua dago Via campesina barruan.

2009/01/10

Artikoan izotz gutxiago eta bero handiagoa

Entzuna da poloetako egoera gero eta tamalgarriagoa izaten ari dela tenperatura aldaketaren ondorioz. Faktore desberdinen katearen ondorioz, beste ondorio batzuen artean poloetako izotza urtzen ari da erritmo azkarrean. Hona hemen argia aldizkaritik hartutako berri batean irakurritakoaz;

Duela gutxi Ameriketan egindako biltzarrean berretsi egin da eredu klimatikoek orain arte Artikoari buruz adierazitakoa, hau da, gero eta izotz gutxiago eta gero eta bero handiagoa dagoela. Orain arte bagenekien izotz urtze prozesua ematen ari zela, gertaera hau larria bada ere are larriagoa da ondoren datorrena: izotzak eguzki izpiak islatzen ditu eta ingurua berotzea eragozten du, baina Artikoan izotza gutxitu ahala, itsasoak hartu du haren lekua. Itsasoa berotu egiten da eguzkiaren eraginez-zientzilarien arabera 3 eta 5 gradu bitartean-, eta horrek itsas azpian metatuta dagoen metanoa askatzea eragiten du. Ez da ahaztu behar metanoak izugarrizko eragina duela berotegi efektuan.

Sateliteek emandako irudien arabera, 2007an aurreko urteetan baino izotz gehiago urtu da. 2008ko datuak ez ditugu esku artean baina joera zein den soma dezakegu. Guztiak dakigu zer datorkigun, batez ere agintariek (boterearen zati handia beraien eskuetan dagoelako) asmo eta borondaterik jartzen ez badute. Etorkizun latza!

2009/01/05

zain dezagun ingurumena, orain!

Ingurumena zaintzen hasi edo jarraitzeko gogoeta interesgarria eskeintzen du ondorengo bideo honek. Dena dakigula ematen duen arren ez dago sobera errepikatzea.

Irakaspen ona Hego amerikatik datorrena.

2009/01/02

Argi kontsumoaren desoreka

Ezaguna da mundua gauez ikusita azaltzen den mapa. Bertan ondo argiztaturiko (nahi adina eta sobera) lurraldeak eta argiztatu gabekoak azaltzen dira. Ikusi bestela ondorengo irudia:

Hara!Iparra argi-argi etengabeko gastu alperra egiten (ez beti), eta hegoa ilun (agian argia behar izanda ere). Hortxe nonbait gaude gu ere hiriko farola artean lotan, pertsianak beheraino jeitsita.
Urrun joan gabe begira Bilbao, ederra? suzko bola dirudi (hori bai agenda 21ean sartuta dago)

Gabon opor hauetan, argirik ere ez zen faltako kaleko bazterretan; etxeak, kaleak, gu geu, dena apaindu beharraren beharra, argi erakutsi beharko bagenu bezala argiak garela, munduko azkarrenak. Baina Sarrionandiak dioen bezala "ilunpetan bizitzen ikasi arte, ez dugu argitan bizitzen jakingo"

2008/12/09

Zer da Eskola Agenda 21?

  • Eskolako Agenda 21 hezkuntza komunitateak hartutako konpromisia da, ikastetxeko eta bere inguruko ingurumenaren kalitatearen eta iraunkortasunaren alde lan egiteko. Konpromiso horrek berekin dakar ingurunea ezagutzeko interesa izatea, bidegabea dena aldatu nahi izatea eta guztion orainaren eta etorkizunaren alde lan egiteko gogoa izan eta konpromisoa hartzea.
  • Oinarrizko hiru osagai ditu: ikastetxeko eta inguruko ingurumenaren iraunkortasuna, curricularen berrikuntza eta komunitatearen partehartze.

2008/12/07

krisi ekologikoaren adierazle nagusiak


Hona hemen krisi ekologikoarekin zerikusia duten adierazle batzuk, guzti hauek kontuan hartzen baditugu jasanezina den gizarte hau ulertzeko pista batzuk eskuratuko ditugu.